EUSKAL GAZTERIA, POLITIKA ETA ABERTZALETASUNAAzken urteotan jazotako zenbait gertakarik eta faktorek...
Transcript of EUSKAL GAZTERIA, POLITIKA ETA ABERTZALETASUNAAzken urteotan jazotako zenbait gertakarik eta faktorek...
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
EUSKAL GAZTERIA, POLITIKA ETA ABERTZALETASUNA
Markel Aranburu Bartau
Laburpena
Nolako jarrera dute euskal gazteek politikarekiko? Datozen belaunaldiek eutsiko
al diote aurrekoen konpromiso politikoari? Euskal nazioaren aldarrikapena bizirik
mantentzeko gai izango dira? Edo, kontrara, mundu globalizatuaren testuinguruan
desagertu egingo dira Euskal Herriaren adierazgarri nagusiak?
Azken urteotan jazotako zenbait gertakarik eta faktorek jarduera politikoaren irudia
zikindu egin dutela eta, ondorioz, gazte jendea politikatik aldendu egin da. Aintzat hartu
behar dugu, ordea, herri, nazio edota gizarteek beren ibilbidea diseinatu eta bidean
aurrera egiteko tresna ezinbesteko dutela politika. Herria eraikitzen dutenak, zalantzarik
gabe, herritarren jarduera sozial, ekonomiko, zientifiko eta kulturala dira, baina jarduera
politikoa dugu indar hori guztion ongizate bihurtzeko tresna. Eta politika demokratikoak,
ezinbestean, herriaren parte hartzea eta konpromisoa eskatzen ditu.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
2
“Euskara da gure erakundeetatik lehena. Hura gabe, euskal arima desagertua izango
zen, nazioen artean urturik. Bizitza kolektiboa zor diogu eta, gainera, euskaldunok
kultura unibertsalari egin diezaiokegun ekarpenik onena da.”
Manuel Irujo Ollo
(Erbestean,1945)
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
3
SARRERA
Nolakoa izango da Euskal Herria 2050.urtean? Zein egoera politiko, ekonomiko,
sozial eta kultural biziko dugu euskaldunok hemendik 30 urtera? Zenbateraino aldatuko
da Europa? Eta Mundua?
Galdera potoloak dira, zinez, eta ez dugu horien erantzunak emango dizkigun
kristalezko bolarik. Aitzitik, noizean behin erakargarri bezain beharrezkoa izaten da, gaur
egun eskuragarri dugun informazioa kontuan izanik, etorkizuneranzko hausnarketa bat
egitea. Ez, baina, igarle edo azti zaletasuna dugulako; baizik eta, gogoeta egitea, gerta
daitezkeenaz jabetzea eta gustatuko litzaizkigukeenak amestea beti gertatzen delako
baliagarri.
Datozen lerrotan, gehienbat, politikaz arituko gara. Jarduera politikoaren
garrantziaz. Etorkizunaz eta euskal gazteriaz. Horien guztien arteko loturei erreparatuko
diegu eta saiatuko gara, behinik behin, politikagintzak atzo, gaur eta ―bereziki―
biharko egunean izango duen garrantzia azpimarratzen.
Euskal Herriaren bilakaera historiko osoan, baina bereziki azken mendean,
politikak eta euskal nortasunaren aldarrikapenak protagonismo handia izan du gure
gizartean. Gurearen nazio izaera defendatzen eta, era batera edo bestera, euskal
ezaugarri politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak bizirik mantentzeko ahaleginean
eman dituzte azken hamarkada luzeak hainbat eta hainbat pertsona eta taldek. Egungo
euskal autogobernua osatzen duten elementuak dira eginahal horien adierazle eta fruitu
nagusi, esate baterako; euskal erakunde politikoak, Kontzertu eta Hitzarmen
Ekonomikoak, zerbitzu publiko gehienez hornitzen gaituzten administrazioak, euskara
eta euskal kultura berpizteko ekimenak, eta abar.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
4
Jakin badakigu azken urteotan jazotako zenbait gertakarik eta faktorek jarduera
politikoaren irudia zikindu egin dutela ―horietako batzuk jarraian aztertuko ditugu―
eta, ondorioz, gazte jendea politikatik aldendu egin dela. Aintzat hartu behar dugu,
ordea, herri, nazio edota gizarteek beren ibilbidea diseinatu eta bidean aurrera egiteko
tresna ezinbesteko dutela politika. Herria eraikitzen dutenak, zalantzarik gabe,
herritarren jarduera sozial, ekonomiko, zientifiko eta kulturala dira, baina jarduera
politikoa dugu indar hori guztion ongizate bihurtzeko tresna. Eta politika demokratikoak,
ezinbestean, herriaren parte hartzea eta konpromisoa eskatzen ditu.
Zentzu horretan, gure buruari egiten dizkiogun zenbait galdera—eta idazki
honen gaia bideratzen dutenak— honakoak dira: Nolako jarrera (izango) dute euskal
gazteek politikarekiko? Datozen belaunaldiek eutsiko al diote aurrekoen konpromiso
politikoari? Euskal nazioaren aldarrikapena bizirik mantentzeko gai izango dira? Edo,
kontrara, mundu globalizatuaren testuinguruan desagertu egingo dira Euskal Herriaren
adierazgarri nagusiak?
I. GAUR EGUNGO EGOERA
Orain dela 40 urte ezarri zen gurean erregimen politiko demokratikoa. Ezaguna
da demokrazia batean herritarrak direla, botoaren bidez, beren ordezkari eta agintariak
aukeratzen dituztenak. Horretaz gain, politikan parte hartzeko modu ugari daude;
besteak beste, erakundeei eskakizunak luzatu, zuzenean edo komunikabideen bidez
iritzi eta proposamenak helarazi, manifestaldi publikoetan desadostasunak agertu, lege-
proposamenak aurkeztu, erakunde politikoetako kide izan, etab. Azken batean, sistema
demokratikoak gizartearen partehartzea behar du nahitaez, jomugatzat dituen
zuzentasuna eta berdintasuna lortu ahal izateko.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
5
Ezagunak diren inguruabar historiko eta politikoen ondorioz, euskal gizartea
orokorrean, eta gazteria bereziki, oso aktibo izan dira politikoki azken berrogei urteetan.
Frankoren diktadura amaitu ondoren, urte luzez “aldarrikapen egoeran” mantendu den
gizartea da gurea. Aurrerago ikusiko den bezala, ordea, bizitako indarkeriaren
inguruabarrak ere erabat baldintzatu du gizartearen garapen demokratiko eta parte-
hartzailea.
Dena den, azken urteotan argitaratu diren ikerketa eta inkesta ugarik diotenez,
euskal gizartean, oro har, politikarekiko aldentze-sentimendu sakona dago eta
fenomeno hori are nabarmenagoa da gazteen artean. Zeintzuk dira, ba, sentimendu
horren arrazoiak eta zein ondorio dakartza? Galdera horiei erantzun sendo bat emateko,
ezinbestekoa da gazte jendeak (16 eta 29 urte tartean direnak, alegia) politikarekiko
duen irudipena aztertzea.
Gazteen ikuspegiari hurbilketa egiteko, lehenik eta behin, politika-zientzietan
aditu direnen baieztapen batzuk jasoko ditugu. Ikusiko dugun bezala, gazteen jarreraren
gainean joera kontrajarriak azaltzen dira.
Alde batetik:
– Demokrazia da euskal gazteen erregimen politiko onartu eta gustukoena, alde
handiz. Orobat, helduek baino gehiago sinesten dute gazteek erregimen
demokratikoaren legitimitate eta zuzentasunean.
– Orokorrean, gazteek uste dute goi-mailako ahalmen eta eskumen politikoa dutela,
hots, arazo publikoak identifikatu eta auzi politikoak ulertzeko gaitasuna.
– Oso gazte gutxi dira erakunde politikoetako kide. Ostera, ez-ohiko parte-hartze
politikoa, hots, protesta ekintza eta kontsumo politikoa, helduetan baino maizago
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
6
ematen da gazteen artean. Honi lotuta, hain zuzen ere, Internet eta sare sozialen
garrantzia nabaria da —aurrerago aipatuko dugun bezala—.
Bestetik:
– Hauteskunde-prozesuetan gazteek helduek baino gutxiago hartzen dute parte —
batez beste, 30 puntu gutxiago—.
– Gazte jendeak politika instituzionala oso urrun hautematen du. Adibidez, ohiko
agenda politikoarekiko interes eza azaltzen dute eta, oro har, uste dute erakunde
eta alderdi politikoek ez dituztela haien eskariak modu egokian erantzuten. Halaber,
alderdi eta lider politikoen gaineko iritzia negatiboa da. Puntu horretan bat egiten
dute helduen iritziarekin.
– Era berean, gazteek berariaz edo modu inplizituan ohiko zentzu politikoa duten
elementuetatik aldentzeko joera dute.
Goiko adierazleei erreparatuta, ondoriozta dezakegu egungo euskal gazteriak
politika tradizionalarekiko eszeptizismoa azaltzen duela eta, beraz, parte-hartzeko
modu berriak praktikan jartzen dituela. Jarrera hori, giza-balore eta arauen
errespetuarekin batera, gazte europarrek agertzen dutenaren oso antzekoa da.
II. GAZTEAK POLITIKATIK ALDENTZEAREN ARRAZOIAK
Politika tradizionalarekiko aldentze-fenomenoa identifikatu ondoren, atal
honetan egoera horren zergatiak aztertuko ditugu. Horretarako, ezer baino lehen, aditu
gehienek fenomeno sozialei buruz azpimarratzen duten inguruabarra komentatzea
komeni da: fenomeno konplexuak direla, faktore ugarik aldarazten dituztela eta behin
baino gehiagotan eragileen arteko kontraesana gertatzen dela, alegia. Nolanahi ere,
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
7
honakoak dira, ikertzaileen esanetan, gazteak ohiko politikatik urruntzea eragin duten
faktore nagusiak:
1. Ideologia-ezaren fenomenoa. Egungo munduan, antza, ideologia zehatzik gabeko
gizarteak eratzen ari dira. Epe motzera pentsatutako proiektu politiko sinpleak dira
nagusi, etorkizunerako asmorik gabekoak, alegia. Ideologia, hau da, giza-taldean
sustraituta dauden uste eta ideia politiko sendoak, ezabatu egin dira aspaldion. Izan ere,
erreferente ideologikoen gabeziak politikarekiko konpromisoaren galera dakar, besteak
beste, ez delako jomuga bezala etorkizun itxaropentsurik iragartzen.
Gazteak merkatuaren, alderdi politikoen eta komunikabideen bezero edo
kontsumitzaile bilakatzen dira soilik. Politika isilpean gauzatzen dela dirudi eta, halatan,
herritarrek ez diote jaramonik egiten. Ondorio bezala, gizarte despolitizatuak eratzen
dira, hots, balore politiko, amets edota utopiarik gabe bizi direnak.
2. Politikak gizartea eraldatzeko gaitasuna galdu du, askoren ustez. Nork du boterea?
Zeintzuk dira politika, ekonomia eta gizartearen patua erabakitzen dutenak? Mingarria
da galdera horiei erantzuna bilatzea. Tamalez, badirudi gaitasun hori ez dagoela
herritarren esku eta hautetsitako ordezkari politikoak ez ezik, merkatuak, korporazio
multinazionalak eta kasuan-kasuko gutxiengo baten interesak direla benetako
boterearen jabe. Herritarren bizitzan oinarrizko garrantzia duten erabakiak ez ei dira
parlamentu edo gobernu-batzarretatik irteten. Beste botere-gune batzuetan hartzen
dira. Alegia, demokratikoki aukeratuak izan ez diren erakunde pribatuek larregi
baldintzatzen dituzte erabaki horiek eta, jakina, herritarrek ez diete kontuak eskatu ahal
izateko edota, hautespen berri baten bidez, horiek deuseztatzeko aukerarik. Egoera
horretan, herritarrek, eta gazteak barne, zinez uste dute politikariek ez dituztela beren
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
8
arazo eta kezkak konponduko, hots, ordezkari eta erakunde demokratikoak ez direla
gizabanakoen beharrei erantzun egokia emateko gai.
3. Indibidualismoa goraipatu eta kolektiboa denari ospea kentzeko joera. Gazteak
proiektu kolektiborik gabe bizi dira, banakako egitasmoak dituzte soilik. Arazo horren
jatorria, besteak beste, emantzipazioaren etengabeko atzerapenean dago, bada,
gazteek autonomia lortu ahal izateko, beren banakako bizi-proiektuan jartzen dute
arreta osoa, urte luzez. Hortaz, gai kolektiboetan (politikan, adibidez) arreta eskasa
jartzen dute. Eguneroko kezka indibidualak dira protagonista nagusi haien bizitzetan eta
gainerako denbora, batik bat, kontsumitzen eta aisialdian ematen dute.
4. Krisialdi ekonomikoaren ondorio zuzenak: gazteen langabezia-tasa kezkagarria eta
lan-baldintza prekarioak. Krisi ekonomikoak, unean uneko egoeratzat ulertu ahal dugun
arren, eragin handia izan du egungo gazte belaunaldian. Horren ondorioz, honako
gogoeta zabaldu da jende gaztearen artean: nekez ezagutuko dugu gure gurasoek
izandako ongizatea. Edo, bestela esanda, krisia inflexio-puntua izan da, hots,
aurrerantzean, lan-baldintzek, etxebizitzak, zerbitzu publikoek, pentsioek eta abarrek
okerrera egingo dute ezinbestean.
Halaber, ekonomiaren lur jotzeak agerian utzi du zein mugatua den alderdi politikoen
gaitasuna gazteen beharrei erantzun eraginkorrak emateko. Pertzepzio horrek indarra
hartu du, esate baterako, ordezkariek erabilitako hizkuntza politiko hutsalaren eta
eztabaidetan azaldutako jarrera heldugabearen ondorioz. Bide batez, esan beharra dago
gazteongan eragina duten gaiak agenda politikotik kanpo daudela. Hauteskunde-garaian
edo eslogan moduan erabiltzen dira soilik.
5. Komunikabide berrien eragina. Hiperkonektatutako mundu batean bizi gara eta
horrek, geroago aztertuko ditugun abantaila nabarmenak dituen arren, iritzi politiko
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
9
sendoak eratzeko zailtasunak dakartza. Komunikabideek guztiz eraldatu dute
komunikazio politikoa eta politika bera egiteko modua. Jakina, horietan agertzen ez den
mezua ez da existitzen edo, bestela esanda, errealitate politikoa komunikabideek
erakusten dutena da. Hori dela eta, erakunde politikoek irudia zaindu eta mezuak
sinplifikatu behar izan dituzte, ikusleak arin ulertu ditzan. Era berean, komunikabideek
eduki politiko berria behar dute etengabe, beren programazioaren erakargarritasuna
mantentzeko. Landutako argudioek, eztabaida publiko lasaia bultzatzen dutenak, ez
dute lekurik komunikazio-formatu berrietan. Inoiz amaitzen ez den hauteskunde-
kanpaina bizi dugu, alegia.
Bestalde, kontua da, batetik, komunikabideetan mezu politikoak zabaltzen dituzten
agente gehienek interes ekonomiko, ideologiko edota korporatibistak ordezkatzen
dituztela, eta bestetik, kazetaritza politiko berriaren helburu nagusietako bat,
informatzeaz aparte, audientzia entretenitzea dela. Bide batez, esan behar da gune
informatiboek espektakulua sortzea bilatzen dutela eta, horretarako, muturreko joera
politikoak eta alderdikeria bilakatzen direla protagonista nagusi. Liskar politiko
amaigabea eta kontrakoaren planteamenduen ukazio sistematikoak, azken batean,
krispazioa, sektarismoa eta politikaren irudi penagarri bat helaraztea dakar. Gazteria
“show” nazkante horiek ikusi eta politikatik aldendu egiten da.
6. Lidertza demokratikoaren gabezia: politikari eta buruzagi sozialen sinesgarritasun
falta. Gorago aipatu dugu erreferente ideologikorik gabeko gizarteetan bizi garela.
Horren harira, agintari politikoek nekez eskain diezaiokete herriari etorkizunerako
proiektu politiko sendo eta iraunkor bat. Oro har, ordezkari publikoak etorkizun-senik
gabeko buruzagiak dira, alderdikeriak alde batera utzita, beste indar politikoekin
akordioak gauzatuz, gizarte osoarentzako onuragarri diren helburuak lortzeko gai ez
direnak. Egia da, neurri batean, komentatutako komunikabideen jokaerak tarte txikia
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
10
uzten diela elkartasun eta adostasunak bilatzeko ekimenei. Horiek horrela, ez dago lider
politikorik (eta zaila da horrelakorik agertzea), kazetaritzak baldintzatutako gaurko
politikan, epe motzean lortutako emaitzek bakarrik balio dutelako. Joera
sentsazionalista horren erruz, alderdientzat, eraikitze-prozesu luzeagoak behar dituzten
akordio garrantzitsuek ez dute errentagarritasunik iritzi publikoaren aurrean.
Bestalde, herritarrek, hein handi batean, politikaz arduratzen direnengan konfiantza
galdu egin dute. Horren arrazoiak anitzak dira eta aurretik esandakoarekin lotura zuzena
dute. Esate baterako; ordezkari publikoek hauteskunde-kanpainetan agindutakoa ez
betetzea edo koherentziarik ez izatea publikoki adierazitakoen eta jokabide pertsonalen
artean. Horrelako etsipenen ondorioz, gainera, politikarien zintzotasuna kinka larrian
geratzen da eta herritar askok uste dute, arrazoi sendoz, ordezkari publikoek ariketa
politikoa euren probetxurako erabiltzen dutela soilik. Zerbitzu publikoan aritzeko aldi
baterako bokazioa izan beharrean, politika profesionalizatu egin dela, alegia.
7. Alderdi politikoen antolaketa. Erakunde politikoen honako ezaugarriak dira gazte
asko politikatik aldentzen dituztenak: buruzagien ukiezintasunak, hierarkiak, barne-
antolaketaren bertikaltasuna, barne-demokrazia falta, barne-eztabaida ezak, gizarte
zibiletik politikara eta alderantziz igarotzeko aukera eskasak, politikaren
profesionalizazioa, barne-promozioen sistema iluna eta militanteen izaera fanatikoak.
Gainera, alderdi politikoek monopolizatu egin dituzte parte-hartze gune guztiak. Izan
ere, erakundeek herritarren parte-hartzea sustatu ordez, demokrazia pasiboa bultzatu
dute. Gizarte-zibil ahul eta desmobilizatua duen modeloa eraiki da, alderdi politikoei
bizitza publikoaren protagonismo osoa emanda. Horrek, ezinbestean, herritar
independenteen motibazio-galera dakar. Azken finean, bakarrik sinesten dugu
zerbaitetan, baldin eta horren sortze-prozesuan parte hartu badugu.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
11
8. Ustelkeria politikoa eta zigorgabetasuna. Alderdi politikoek finantzazio-iturri
emankorra behar dute beren estruktura handiak mantendu ahal izateko. Inguruabar
horrek erakundeen ustelkeria politikoa sortu du kasu askotan. Horrelako egoerak
ezagutu direnean, ostera, agintari politikoek jarrera epela izan dute inplikatutako
alderdikideekiko. Erantzukizun politikoa onartu beharrean, dimisioak eta zigor-
diziplinarioak abian jarri eta jazotakoak ezkutatzeko saiakerak izan dira nagusi.
Herritarrek haserre hartzen dituzte jarrera horiek eta, normala den moduan, politika
iruzurrez betetako jarduna dela ondorioztatzen dute.
Aurrekoa gutxi balitz, justizia-administrazioaren funtzionamendu motelak eta kontrol-
parlamentarioaren eraginkortasun ezak ustelekiko zigorgabetasun sentsazioa eragiten
dute. Gazteak, balore moralen gabezia eta bidegabekeria atzemanda, politikatik
aldentzen dira.
9. Parte-hartze politikoaren kultura errotzeko ekimen eza. Sistema politiko bat
denbora luzean indarrean egon ahal izateko, gizarteratze politikorako tresna ugari jarri
behar dira abian. Hezkuntzaren kasuan, ez da existitu, adibidez, erakunde politikoak
edota hauteskunde-prozesuen nondik norakoak irakasten dituen programarik. Orobat,
politikan parte-hartzeko existitzen diren bideak ez dira eskoletan irakasten. Hezkuntza-
sistemak gazte jendeari erakunde demokratikoen zilegitasuna txikitatik irakastea oso
beharrezkoa da.
Amaitzeko, Euskal Herriko jarduera politikoa urte luzez baldintzatu duen fenomenoa
aipatu behar dugu:
10. Indarkeria politikoa. Esan genezake indarkeria jazotzen den lekuetan gizarteak
nahitaez politizatu egiten direla. Aitzitik, horrelako kasuetan normaltasun
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
12
demokratikotik oso urrun dagoen egoeraz ari gara, askatasun ezak eta beldurrak
gizartearen parte-hartze politikoa erabat mugatzen dute eta.
Tamalez, XX. mendean indarkeria mota ezberdin ugari pairatu ditu gure herriak. 1936ko
estatu kolpeak abiarazitako gerra, erbestea, errepresioa, diktadura luzea, ETAren jardun
terrorista, GAL eta beste batzuen estatu-indarkeria, torturak, estortsio ekonomikoa,
sufrimenduaren sozializazioa…
Zorionez, indarkeriaren garaia amaitu da gurean eta orain ariketa politikoa askatasunez
eta beldurrik gabe egiteko aukera zabaldu da. Zentzu horretan, euskal gazteriaren parte-
hartzea biolentziarik gabeko agertoki berrira bideratu behar da, giza eskubideetan
oinarritutako baloreak sustraituz eta jarrera intoleranteak ezabatuz.
III. POLITIKAN PARTE-HARTZEKO ERA BERRIAK
Internet izan da, zalantzarik gabe, XXI. mendeko iraultza teknologikoaren
protagonista nagusia. Mundua eraberritu du tresna horrek eta, jakina, jarduera
politikoan ere eragin itzela izan du. Azken hamarkadan Internet bilakatu da
komunikabide global hedatuena eta, hortaz, gaur ezin da politika ulertu, esate baterako,
web orrialde eta sare sozialetan jazotzen denari erreparatu gabe. Halaber, iraultzaren
aitzindariak, hein handi batean, gazteak izan dira. Bada, ondorioa bistakoa da: Internet
bilakatu da gazteen parte-hartze politikorako tresna nagusia.
Eztabaida politiko gehienak, horrenbestez, ez dira jadanik taberna edo
gaztetxeetan ematen. Ostera, gazteek online foroetan isurtzen dituzte beren iritzi eta
proposamenak. Sare sozialen bidez egiten dituzte salaketak eta aldarrikapenak. Sarean
dago gazteriaren sugar politikoa, alegia. Horren adibide esanguratsua izan ziren 2010-
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
13
2013 urte bitartean arabiar herrialdeetan jazo ziren matxinadak, tokiko erregimen
diktatorialak erorarazteko helburua zutenak. “Udaberri arabiarra” izenez ezagutzen den
mugimendu iraultzaile horren sortze, antolatze eta gauzatze prozesuan, halabeharrez,
premiazko zeregina bete zuten sare sozialek.
Ildo beretik, azpimarratzekoa da sare sozialek adierazpen eta informazio
askatasunaren aldeko mugarria izan direla. Jakina, eduki faltsua zabaltzeko ere erabil
daitezkeen tresnak dira eta politika tradizionalaren ikuspegitik sareek sarritan mezu
politikoak kutsatu egiten dituzte. Nolanahi ere, ohiko komunikabideek dute —
gehienetan alderdi politiko eta enpresa pribatuen interesen alde— informazioaren
monopolioa eta gehiegikeriak eragozteko baliabide indartsuak bilakatu dira sare
sozialak. Horietan sarbide mugatua edo zentsura ezartzen ez den bitartean, adierazpen
eta informazio askatasunaren gotorleku izaten jarraituko dute.
Ordezkari publiko eta herritarren arteko harremanari dagokionez, adituek
Politika 2.0 izenez bataiatu dute fenomeno digital berria. Barack Obama izan zen, antza,
politikaren aro berriari hasiera eman ziona 2008ko amerikar hauteskunde-kanpainan.
Orduko hartan, Obama hautagaiaren alderdi demokrata aitzindari izan zen boto-
kanpaina web-orrialde eta sare sozialetara bideratu zuelako. Izan ere, arestian nerabeen
aisialdirako pentsatuta zeuden plataforma birtualak, ezustean, botoak lortzeko gune
aproposenak bihurtu ziren. Obama, ustekabean, Estatu Batuetako presidente bihurtu
zen. Orduz geroztik, zientzia politiko, soziologia eta komunikazio zientzietako ikerketen
gai nagusi bilakatu da demokrata amerikarren hauteskunde-kanpaina hura. Gune
digitalaren erabilera politikoa, alegia. Gainerako alderdi politikoentzat, bestalde,
gertakaria ikasgai eta eredu bilakatu zen.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
14
Laburbilduz, Politika 2.0-ren oinarria da ordezkari publiko eta gizartearen arteko
interakzioa lortzea plataforma digitalen bidez. Izan ere, ez da soilik politikariek blog edo
profil-web bat izan behar dutela. Adituen esanetan, kultura politiko berriak erabateko
jarrera eta ikuspuntu aldaketa eskatzen du. Azken batean, baliabide digitalek posible
egiten dute iraganeko politika-tresnek ahalbidetzen ez zutena. Ez da komunikazio
kontua bakarrik, politika da. Berez, Politika 2.0 kontzeptuak gizartearen parte-hartzea,
hartu-emana eta sare sozialen bitarteko herritar eta ordezkarien arteko zuzeneko
harremana barneratzen ditu. Hitz gutxitan esanda, parte-hartze politikoa guztiz
eraberrituko duen gunea da. Besteak beste, anonimatua onartzen du, berehalakoa da,
eskuragarritasuna zabaltzen du, jarraikako parte-hartzea errazten du, ez du bitartekoren
beharrik, berdintasuna bultza dezake, informazioa igortzeko aukerak biderkatzen ditu,
nazioarteko izaera du eta banakako erabilera ahalbidetzen du. Mugagabeak —eta
gehienak oraindik ulergaitzak— dira Internetek politikarekiko ireki dituen bideak.
Are gehiago, politika digitalaren garapenak 2.0 Gobernuaren sorrera izan
beharko luke jomuga, hau da, herritar eta agintari publikoen zuzeneko interakzioa.
Harreman zuzenari esker, ordezkari politikoek, gizartearen iritzi eta proposamenak jaso
ondoren, arazoei konponbide partekatuak emateko gai dira. Hain zuzen ere, hiru dira
gobernatzeko modu berri horren ezaugarriak: parte-hartzea, gardentasuna eta
elkarlana. Noski, erakundeek beren baliabide digitalak gaurkotu eta eraberritu behar
dituzte, herritarrei gune birtual aproposak eskaini ahal izateko.
Halaber, Internet eta teknologia berriek herrialde guztien demokratizazioan
aurrera egiteko balio behar dute; alde batetik, Internet munduko herritar guztion eskura
dagoelako. Bestetik, politikan parte-hartzeko aukerak agintari eta herritarren auzi
publikoekiko erantzukizuna sustatzen duelako. Azken batean, baliabide digitalei esker
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
15
politika eta parte-hartze publikotik aldentzen hasia zen gazte jendea erakunde eta
jardun politikora hurbilarazteko aukera ireki da.
I. GAZTEAK ETA ABERTZALETASUNA
Abertzale garenok zenbait galdera egiten dizkiogu gure buruari: Euskal Herriak
subirotasun maila handiagoa lortuko du hurrengo hamarkadetan? Datozen belaunaldiek
euskal aldarrikapen nazionalari eutsiko diote? Edo, globalizazioak eta politikarekiko
mesfidantzak euskal abertzaletasuna akabatuko du?
Euskal gazteria ahal handiko kolektiboa da. Gure aurrekoek egindako auzolanari
esker, formakuntza maila handia jaso dute egungo gazteek. Aurreko belaunaldiek baino
askoz prestatuago daude hezkuntza, teknologiaren erabilpen eta hizkuntza alorretan.
Bidaiatuz mundua ezagutu duen belaunaldia da. Inoiz baino europarragoa eta munduan
emango diren aldaketei aurre egiteko prest dagoena.
Halaber, euskal gazte jendea aurrerakoia da. Askatasun indibidual eta giza
eskubideen balioan sinesten duen giza-taldea. Gehiengo nagusia homofobia, matxismo,
xenofobia edota arrazakeria irudikatzen dituzten diskriminazioen kontra dago. Maiatzak
8ko manifestaldiak edo errefuxiatuen aldeko mugimenduak, esate baterako,
berdinzaletasun horren adierazle dira. Kultura demokratikoan hezitako gizon-
emakumeak dira, alegia. Eta, era berean, Euskal Herriak azken mendean bizi izan duen
indarkeriak ez ditu beren bizitzak baldintzatuko.
Abertzaletasunari dagokionez, Euskal Herriko berezko elementuak zaintzea da
mugimenduaren ardura nagusia. Euskara, euskal kultura, ohiturak, baloreak, berezko
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
16
dugun ekonomia, gure etxea den lurraldea eta dugun talde-nortasuna biziraun dezaten
lan egitea. Inolaz ere ez beste herriak mespretxatuz edo horien aurka eginez —
autoritarismoak ez baitu gurean lekurik—, baizik eta gurearentzat eskatzen dugun
errespetu bera gainerakoei eskainiz. Europako nazio txiki bateko kide gara eta, gure
herrian bizi den ororen ongizateaz gain, egungo mundu global eta lehiakorrean euskal
nazioaren biziraupena dugu helburu. Horrexegatik da guretzat ezinbesteko, hain zuzen
ere, subirotasuna egikaritzeko tresna politiko-juridiko-ekonomiko-sozialak
geureganatzea. Herri bezala biziraun ahal izateko, politika dugu bide bakarra.
Hortaz, guk, beste herrialdeek baino are gehiago, ezinbesteko dugu gazteriaren
konpromiso politikoa. Gure herrialdea eraikitzeke dugulako. Oso ahulak gara, besteak
beste, ez ditugulako inguruko estatuek dituzten tresna politiko eta ekonomikoak. Nazio
izaera ere ez digutelako aitortzen. Gure herriaren ezaugarriak ―eta herria bera,
hortaz― desagertzeko arrisku iraunkorrean daude. Euskaratik hasita, gure instituzio
politikoetaraino. Eta inertziak ez gaitu lagunduko. Joera nagusiak desagerpenera
daramagu. Hortaz kontziente izan eta tinko egin behar dugu lan, ezarrita dagoen
errealitatea aldarazi eta gure nazio txikiari etorkizuna ahalbidetzeko. Hainbatek esan
bezala, atzera goazelako aurrera ez bagoaz.
Globalizazioaren fenomenoari dagokionez, mehatxua eta abagunea izan daiteke
aldi berean. Alde batetik, globalizazioak ekar dezakeen homogeneizazioa mehatxua da
zalantzarik gabe, arrain handiek txikiak jaten dituztelako. Abertzaleok ez dugu gogoko
identitate, kultura eta hizkuntza bakarra duen mundua. Edo, ustezko aurrerapenaren
izenean, nazio ertain eta txikiak —horien aparteko ezaugarriekin batera—
desagerraraziko duen herrialde erraldoi bakar batzuez osatutako mundua. Aniztasuna
da, hain zuzen ere, defendatzen dugun baloreetako bat. Mundu anitz, solidario eta
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
17
demokratikoa. Herri ezberdinen arteko begirune eta elkartasunean oinarritutako
mundua. Eta horien artean Euskal Herria.
Aitzitik, globalizazioaren fenomenoa abagunea ere izan daiteke, teknologiaren
garapena den bezalaxe. Gure herriarentzako bozgorailua direlako biak. Bizirik dagoen
herria gara eta, abileziaz jokatuz gero, Euskadi munduko plazan kokatzeko ―Ibarretxe
Lehendakariak dioen bezala― aukerak gehiago ematen dizkigu egoera berriak.
Internetek posible egiten dituen komunikazio bideak funtsezkoak izan daitezke gure
burua ezagutarazi eta munduari izaera propioa dugun herria garela erakusteko.
Azkenik, etorkizunari begira Euskararen auzia funtsezkoa izango da. Esan
beharrik ez dago, gure hizkuntza dela giza-talde bezala dugun altxorrik preziatuena.
Nazioaren arima eta beste munduko edozein herrialderengandik ezberdintzen gaituena.
Hainbat mendez eta gaur egun arte jazarria izan da euskara, zalantzarik gabe. Aitzitik,
eskola eta euskaltegien bidez gizartearen zati handi bat euskaldundu egin bada ere, gure
hizkuntzaren erabilera oso urria da oraindik ere. Badakigu inguruko hizkuntza handien
eragina itzela dela eta, ondorioz, elkarbizitza gaztelaniarekin —adibidez— izugarrizko
zailtasunak planteatzen dituela. Hala ere, inguruabarrak direnak direla, norberaren esku
dago euskara indartzea. Euskaldunon ardura da euskaraz egitea eta ez beste inorena.
Lanaren sarrerako lerroetan esan bezala, ez dugu botatako galderen erantzunak
emango dizkigun kristalezko bolarik. Eta, gainera, ez dugu horrelakorik behar. Ezer ez
dagoelako idatzia. Gure ekimen, ekintza eta inguruabarrei egokitzeko gaitasun mailaren
ondorio izango baita etorkizuna.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
18
IV. ONDORIOAK
Gaia konplexua eta aldakorra izanik, aztertutakoaren gainean zenbait
hausnarketa laburbiltzeko unea iritsi da. Testuaren estruktura jarraituz, honakoak dira
ikasgaiaren ondorioak:
A. Globalizazio prozesuak eta merkatu-ekonomiak erreferente politiko eta ideologiko
ezberdinak hurreratu ditu. Ekoizpen-prozesu eta teknologiaren aurrerapenek produktu
eta zerbitzuen kontsumoan oinarritutako gizarteak sortu dituzte. Kontsumismoa da
munduko gizarteen ideologia nagusia eta horrek pentsamendu politikoak zeharo
baldintzatzen ditu. Zentzu berean, banakako egitasmoen lorpena bultzatzen duten
gizarteak dira, non proiektu kolektiboak aurrera eramateko ekimen gutxi dagoen.
Gizarte despolitizatuak, alegia.
B. Globalizazioaren agente nagusi diren nazioz gaindiko enpresa pribatuek eragin
nabaria dute herrialde demokratikoen autonomia eta botere politikoan. Herritarrak
horretaz ohartu dira, bereziki politikariek krisialdi ekonomikoan agertutako jardun
etsigarrian. Hortaz, herritarrek zinez uste dute ordezkari publikoak, benetako
boterearen jabe ez direnez, ez dutela gizartearen arazoei irtenbiderik emateko
gaitasunik.
C. Gazteriak politika egiteko modu tradizionalarekiko eszeptizismoa azaltzen du. Alderdi
politikoen bidez parte-hartzen duten gazteak oso gutxi dira. Alabaina, gazte jendea ez
dago prest ohiko erakunde politikoekin konpromisorik hartzeko. Alderdiak erakunde
itxi, ilun eta ustelak direla pentsatzeaz gain, gazteek ez dute uste erakunde politiko
tradizionalek gazte-interesak babesten dituztenik. Politikariak, oro har, mesfidantza
sorrarazten dute, besteak beste, jarduera politikoaren profesionalizazioa dela eta.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
19
D. Gazteen parte-hartze politikoa era berritzailean ematen da, hain zuzen ere,
aktibismoaren bitartez. Gazteek, alderdi edo erakunde politiko batekin luzerako
konprometitu gabe eta teknologia berriez baliatuz, auzi konkretuei ematen diete
babesa. Erakunde politiko jakin baten ideiekin luzerako lotura hartu beharrean, arazo
zehatzetarako konponbideak eskatzen dizkiete ordezkari publikoei. Internet bidezko
eskaerak, boikot kanpainak, musika eta kulturaren erabilpen aldarrikatzailea edota
kaleko mobilizazioak dira aktibismo berriaren zenbait adierazpen.
E. Indarkeria politikoaren garaia amaitu da gurean eta orain ariketa politikoa
normaltasunez egiteko aukera zabaldu da. Zentzu horretan, euskal gazteriaren parte-
hartzea biolentziarik gabeko agertoki berrira bideratu behar da, giza eskubideetan
oinarritutako baloreak sustraituz eta jarrera intoleranteak ezabatuz. Ibilbide
demokratiko eta baketsuak soilik dira onargarriak, proiektu politikoak aurrera
eramateko botoen gehiengoak lortu behar direla, alegia.
F. Demokraziak beste sistema politikoen aldean dituen onurak irakatsi behar dira
eskoletan. Kontzientzia demokratikoa are gehiago sendotzeko, ezinbestekoa da gazteok
erakunde publikoen historia eta jardueraren inguruan gutxieneko ezagupena txikitatik
izatea. Gazteria kritiko eta parte-hartzailea eratzeko, hezkuntza-sistemak gai politiko-
instituzionalak jorratu behar ditu.
G. Iraultza teknologikoak behin-betiko aldatu du politikaren izaera eta jarduna. Bide
batez, aurreko belaunaldietan jazotzen ziren jokamolde politiko ugari ez dira jadanik
aplikagarri 2.0 gizartean. Etorkizuneko parte-hartze politikoa Internet eta teknologia
berriei lotuta egongo da nahitaez. Izan ere, tresna birtualek gazte jendearentzat
politikan eragin zuzena izateko aukera berriak sortu dituzte. Politikaren digitalizazioak
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
20
ekarriko dituen erronkak gutxietsi gabe, adierazpen eta informazio-askatasuna
bermatzeko oinarrizko baliabideak bihurtu dira dagoeneko, adibidez, sare sozialak.
H. Halabeharrez, erakunde politiko eta erakunde publikoak Internet eta sare sozialen
garai berrietara moldatu beharko dira. Gobernuek beren baliabide digitalak gaurkotu
eta eraberritu behar dituzte, herritarrei gune birtual aproposak eskaini ahal izateko.
Parte-hartzea, gardentasuna eta elkarlana ardatz izanda, etorkizuneko politika
publikoen oinarrizko tresnak izango dira teknologia berriak.
I. Autogobernua eta nazio aldarrikapena bizirik mantendu nahi duen herri batentzat
ezinbestekoa da gazteriaren parte hartze eta konpromisu politikoa. Balore
demokratikoak, giza eskubideen defentsa eta askatasun indibidual eta kolektiboez gain,
euskal ezaugarri propioak, euskaratik hasita gure erakundeetaraino, euskal herritarrek
zaindu eta babestu behar dituzte.
Amaitzeko, azken gogoeta bat. Krisialdi ekonomikoaren testuinguruan bizi eta
jakin izan direnak aintzat hartuta, gizarteak, neurri handi batean, konfiantza galdu du
demokrazia ordezkagarrian. Kritika sakona egin behar zaio gurean indarrean dugun
modelo politikoari, besteak beste, alderdien zeregin eta politikarien erantzukizunari
dagokienez.
Ostera, herritar bezala ez da komenigarria jardun politiko demokratikoari
bizkarra ematea. Baten batek esan legez: demokrazia kaskarrena diktadura onena baino
mila aldiz hobeagoa da. Zentzu horretan, mundua nola dagoen ikusita, euskal gazteriak
etorkizun aldakor eta zalantzagarria du aurretik. Une honetan, hortaz, aurrekoengandik
jasotako oinarri demokratikoak eta giza askatasunak zaintzea dagokio eta, horretarako,
premiazkoa da gazteriaren parte-hartzea politika eta auzi publikoetan.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
21
V. BIBLIOGRAFIA
LIBURUAK
- BARANDIARAN, X. Gazteak eta Politika. 2002.
- GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA. Gipuzkoako gazteen kultura politikoa. 2010.
- OLMEDA, J.A., COTARELLO, R. La democracia del siglo XXI: política, medios de
comunicación, internet y redes sociales. 2014.
ALDIZKARIAK
- Jóvenes y participación política: investigaciones europeas. Jorge Benedicto y Andreu
López Blasco. REVISTA DE ESTUDIOS DE JUVENTUD Junio 2008 | nº 81.
- Jóvenes, Internet y Política. Centro Reina Sofía sobre Adolescencia y Juventud. 2014.
ARTIKULUAK
- http://ciudadesamigas.org/la-democracia-nutrirse-las-nuevas-formas-participacion-
politica-utilizadas-los-jovenes/
– http://openaccess.uoc.edu/webapps/o2/bitstream/10609/32321/1/Borge_Carden
al_Malpica_ARBOR_188_2012.pdf
- http://mpolitico.com/2013/07/05/que-es-la-politica-2-0-alcances-y-definiciones-del-
nuevo-fenomeno/
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019
PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
22
– https://elpais.com/internacional/2014/02/25/actualidad/1393358639_000137.ht
ml