BIDAIA HAGITZ ARRISKUTSUA
Joko honen bidez jakinen duzu
zer gertatzen den han goiti,
udaberriro eta
udazkenero… askotan,
zu konturatu ere egin gabe!
Pitillasko aintzira eta Las Cañasko urtegia (Viana) natur-erreserbetako hegaztien behatokiak
Material hau oinarri hartuta egokitu da: “Nafarroako Hezeguneak. Ingurugiro Hezkuntzarako Koadernoak”, Nafarroako Gobernua, 1999. Autorea:
Santiago García Fernández-Velilla. Laguntzaileak: OSTADAR Ingurumen Hezkuntzako Elkartea. Irudiak: Jose Luis Oliveros García. Argazkiak: J.I.
Moreno (Pitillasko aintzirako behatokiko ikus-entzunezko materialetik)
AURKESPENA
Tira! Ez da jolas digital bat, ez da online joko bat, ezta app bat ere. Ez du errealitate
handiturik behar, ez tabletarik, ezta errealitate birtualeko betaurrekorik ere. Ez duzu
identifikatu beharrik edo kontu bat ireki beharrik. Baina ongi pasatuko duzu, ziur.
Estaldurarik edo wifirik jabe jokatu dezakezu, eta, interesgarri suertatzen bazaizu, ikasiko
duzu zer gertatzen den udaberrian eta udazkenean han goiti, zeruan: hegaztien
migrazioa. Hegazti batzuek bizitzen dute fenomeno harrigarri hau, urtean bitan.
Udaberrian, arrautzak erruteko eta kumeak txitatzeko bidaiatzen dute, eta udazkenean,
berriz, toki beroagoetara joaten dira, janari gehiago baitago han, neguari aurre egiteko.
Zuk zeuk bidaia luzeetan nola, hegaztiek ere gelditu behar izaten dute tarteka, atseden
hartzeko. Eta, horretarako, “gasolindegi” ezin hobeak dira aintzirak, putzuak, urtegiak eta
bestelako hezeguneak, han atseden hartu eta indarberritzeko. Nafarroan dauden
garrantzitsuenetarikoak dira Pitillasko aintzira eta Las Cañasko urtegia. Nahi baduzu,
Interneten horien gaineko informazio bilatzen ahal duzu, baita urtean zehar haietara heldu
diren hegaztiei buruzkoa ere.
Hona hemen gure protagonistak:
Hau antzara bat da. Zenbaitek antzara hankagorrizta ere esaten diote:
Animatuko zara antzarak urtero egiten dituen migrazioak egitera? Jakin nahi duzu zer-
nolako zailtasunak dituen bere bidaietan?
Ea, ba! Bilatu bidaide gehiago... Gehienez ere lau izan zaitezkete. Eta, orain...
JOKATZERA!.
Ea fenomeno honek eta protagonistek interesa pizten dizuten! Disfrutatu, eta lagundu
bidaian zehar bisitatzen dituzten tokiak zaintzen.
Agur bero bat.
Pitillasko aintzirako eta Las Cañasko urtegiko gidari taldea
www.lagunadepitillas.org www.lagunadeviana.es
BEHARKO DITUZUN MATERIALAK
Dado bat behar duzu.
Gainerakoa hemen duzu, inprimatzeko prest: joko taula, antzaren fitxak eta zerrenda bat, bidaian
aurki ditzakezun laguntzak edo zailtasunak biltzen dituena. Fitxak sendoagoak izan daitezen,
erabili kartoi mehea horiek inprimatzeko edo kopiak egiteko. Gainera, joko taula fotokopiatzean,
A3 tamainara handitu dezakezu.
JARRAIBIDEAK
Jokalari bakoitzak lau antzarako taldea izanen du. Orrialde ebakigarrian dituzue antzaren
siluetak. Talde bakoitza kolore batez margotu behar duzue, eta ageri diren hodeiak, berdin.
Ondoren, moztu irudi bakoitza kanpoko laukiaren ertzari jarraikiz.
Puntu-marra ere moztu ezazu, hodeien eta antzaren irudietan. Hodei bakoitzaren
gainean, lau antzaren siluetak ezartzen ahalko dituzu, joko taulan zutik gelditu
daitezen, argazkian bezala.
Bidaiaren hasiera eta bukaera habia egiteko gunean daude. Gune horretan igarotzen dute uda:
Europako iparraldean.
Txandaka, jokalari bakoitzak dadoa bota eta, zer zenbaki lortzen duen, horrenbeste laukitxo
aurreratuko da bere fitxarekin (hodei bat eta lau antzara). Hala ere, gogoan izanen duzunez,
migrazioak ez dira turismo-bidaia gozoak antzarentzat, eta askotan arazo ugari gainditu behar
izaten dituzte. Horregatik, ibilbidean zehar aurkituko dituzun laukitxo batzuk oztopo bat izan
daitezke zure bidaia luzean, eta, are, zure antzararen bat hil ere egin liteke! Horrelakoetan,
hegazti bat kendu beharko duzu zure fitxatik. Bat ere gabe gelditzen bazara, partida berria hasi
arte itxoin beharko duzu, eta, bitartean... ondorioak atera.
Ibilbidea bukatu eta habia egiteko gunera itzuli ondoan antzara gehien duen hegazti-taldeak
bere populazioari eutsiko dio. Gainerakoek migraziorako bestelako bideak bilatzen hasi beharko
dute, edo, kasurik okerrenean, talde osoa galduko da betiko.
BIDAIAN AURKITUKO DITUZUN LAGUNTZAK ETA OZTOPOAK
Ekaitzek eta kontrako haize gogorrek aurrera egitea eragozten
dizute. Txanda bat egon behar duzu dadoa bota gabe.
Zorte txarra! Ezkutuko ehiztariek aurkitu zaituzte eta tiroa jo
dizute. Pena, zure taldeko antzara bat hil da. Antzara bat gutxiago
duzu.
Gauez jarraitu duzu bidaian, baina ez dituzu ikusi goi tentsioko
kableak. Kolpea gogorra izan da, baina, zorionez, ez zara
elektrokutatu. Hala ere, lurrean geratu zara, ia konortea galduta.
Egin ezazu lauki bat atzera.
Lehen atseden hartzeko toki lasaiak zirenak orain laborantza
lurrak, industrialdeak eta bizitegi eremuak dira. Guztiz unatuta
erori zara, iaz atseden hartu zenuen tokiaren bila zenbiltzala.
Txanda bat egon behar duzu dadoa bota gabe.
Mendi garaiak aurkitu dituzu bidean, eta dituzun indar apurrak
ahitu zaizkizu. Txanda bat egon behar duzu dadoa bota gabe.
Laborantza alor batean gelditu zara zerbait jateko, baina produktu
fitosanitarioak erabili dituzte hemen orain gutxi. Eta... zure antzara
pozoituta hil da. Bat gutxiago daukazu.
Gogoratu gizakiez gain badirela beste piztia harrapari batzuk, zu
harrapatu eta jateko gogo bizia dutenak; esaterako arrano beltza.
Sentitzen dut! Antzara bat gutxiago duzu.
Eguraldi ona eta aldeko haizeak. Egin bi lauki aurrera!.
Hezegune egokia bidaian atsedena hartzeko. Indarrak bildu eta
aitzina jarraitzen duzu. Egin bi lauki aurrera.
Negu samur eta epel baten ondoren, itzultzeko garaia da. Guztiz
indarberrituta, familia osatzeko lekura itzultzeko bidaiari ekiten
diozu. Egin bost lauki aurrera.
MATERIAL EBAKIGARRIA: ANTZAREN FITXAK. A3 joko taularako.
MATERIAL EBAKIGARRIA: ANTZAREN FITXAK. A4 joko taularako.
JOKO TAULA
GEHIAGO JAKIN NAHI BADUZU...
Migrazioa fenomeno biologiko bat da, non
animaliek joan-etorriak egiten dituzten,
distantzia eta iraupen luze samarrekoak.
Nahita eta aldian behin egiten den fenomeno
bat da, eta animaliak jatorrizko tokira
itzultzen dira.
Garrantzitsua da Pitillasko aintzira, Las
Cañasko urtegia eta antzeko tokiak
kontserbatzea, besteak beste, animaliek
zenbaitetan atseden hartzeko erabiltzen
dituztelako beren migrazioetan, eta beren
helmuga ere izaten baitira, hala negua
pasatzeko nola arrautzak errun eta txitatzeko,
udaberrian.
Hala ere, gogoan hartu behar dugu
hegaztiez gain beste animalia batzuek ere
migratzen dutela, hala nola ugaztunek,
arrainek eta baita intsektuek ere (zenbait
tximeleta espezie, esaterako), elikagaien,
klima egokiago baten edo ugaltzeko tokien
bila.
Espezie migratzaileek sekulako balentriak
egiten dituzte, orientatzeko eta irauteko
gaitasun izugarria dute eta. Iraupeneko
benetako atletak dira, distantzia luzeak
egiteko gauza direnak. Txolarre baten
tamainako txoriek urtero 4.000 kilometrotik
goiti egiten dituzte; belatz handi batzuek
16.000 kilometrotik goiti egiten dituzte, eta
hegazti bidaiazaleena, ipar-txenada edo
atun-txoria, polotik polora joaten da urtero,
35.000 kilometro inguru eginez.
Europan, migrazio bide nagusiek
Mediterraneoko itsasarterik motzenak
zeharkatzen dituzte Afrikara ailegatzeko.
Nahiz eta Nafarroan ez dagoen hezegune
handirik, toki estrategiko batean dago,
hemen bat egiten baitute Kantauri itsasoa eta
Pirinio mendiak saihesten dituzten migrazio
bideek. Lindus-Ibañetako gaina toki ezin
hobea da pasa eta kontrapasa ikusteko.
Lehena eztei ondoko migrazioa da, ugaldu
ondoren udazkenean egiten dena, eta
bigarrena, berriz, eztei aurreko migrazioa,
txitatze guneetara joateko udaberrian egiten
dena. Hortaz, Nafarroako aintzirak Europako
migrazio bide garrantzitsuenetariko batean
daude. Islandiako, Britainia Handiko eta
Europa iparraldeko eta erdialdeko hegazti
migratzaileek erabiltzen dute, Iberiar
penintsularen hegoaldera bidean edo
Afrikara bidean, Gibraltarko itsasartean
zehar.
Dena dela, espezie migratzaileentzat bidaia
ez da batere erraza. Zailtasun naturalei aurre
egiteaz gain (ekaitzak, haizeak, harrapariak,
mendate garaiak zeharkatu beharra), giza
jardueraren ondoriozko beste elementu
batzuk ere hartu behar dira kontuan:
atsedenerako, ugaltzeko edo negua
pasatzeko erabiltzen zituzten ekosistemak
desagertzea edo hondatzea, atmosfera eta
urak kutsatzea, linea elektrikoak, zaborra,
errepideak...
©SEOBirdlife
Top Related