1
Gipuzkoan, 2011ko Urrian
Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko Diputatu
jaun agurgarriari.
Natur taldeok, eta oro har, Gipuzkoako mugimendu ekologistak azken urteotan
kezkaz eta haserre-maila handiz bizi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak naturaren
kontserbazioarekiko erakusten duen noraezak. Alor honi begira, erakunde horrek
gaurdaino erakutsi duen politika kontraesanez eta norabide argirik gabeko
erabakiez josita dago.
Babestutako eremuen kudeaketa iluna, ehiza eta arrantzari dagozkion legeriaren
gauzatze kezkagarriak, mendi publikoen kudeaketa industriala, basa bizitzarentzat
hain kaltegarriak izan daitezkeen basogintza, abeltzaintza, nekazaritza eta
arrantza-jarduerekiko ikuspegi orokorraren falta, eta horiek natur kontserbazioaren
mesedetan erregulatzeko ahalmenik eza, era guztietako azpiegiturak eta obra
publikoak onartzeko erraztasuna…. Hainbat eta hainbat dira urte guzti hauetan
haserretzera eraman gaituzten arrazoiak.
Gainera, hamaika foro eta eztabaida gunetan parte hartzera gonbidatuak izan
bagara ere, gure iritzia ahuntzaren gauerdiko eztularen parekotzat hartua izan
denaren sentipena dugu, eta eragile sozialen parte-hartzea horrenbeste
aldarrikatzen den garaiotan, erabat baztertuak eta gutxietsiak sentitzen gara.
Berriki Natura 2000 Sarean inguruan Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin
egindako akordioak edo legealdi berri honetan Bildu koalizio politikoak Mendietako
eta Natura Inguruneko kargurako izendatutako zuzendariak gure etsipena areagotu
baino ez du egin, eta honek guztiak bultzatu gaitu Berrikuntzako, Landa
Garapeneko eta Turismoko Departamentuko Diputatuari gutun hau igortzera.
Gure nahia ez da soilik ezinegon hori azaleratzea, baizik eta etorkizunean,
bioaniztasunaren kontserbaziorako ahaleginean, gure ustez Foru Aldundi honek
gauzatu beharreko politikaren oinarrizko irizpideak zeintzuk izan beharko luketen
zehaztea:
1. NATUR ONDAREAREN EZAGUTZA ETA BERE GARRANTZIAREN AITORTZA
2. ADMINISTRAZIO EZBERDINEN ARTEKO KOHERENTZIA
3. NATUR BALIABIDEEN KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE ARGIAK IZATEA
4. LURRALDEAREN KOHESIOA
5. BASABIZITZAREN BABESERAKO LEGEDIAREN GAUZATZEA
6. ITSASOAREN USTIAPEN JASANGARRIA BERMATUKO DUEN ARRANTZA-POLITIKA
7. PAISAIAREN KUDEAKETA JASANGARRIA
8. INGURUMEN HEZIKETA
9. PARTEHARTZE DEMOKRATIKOA
Gipuzkoako Foru Aldundia
Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentua
Gipuzkoa Plaza z/g, Donostia
2
1. NATUR ONDAREAREN EZAGUTZA ETA BERE GARRANTZIAREN AITORTZA
Norbanako eta giza talde bezala ere, natur ondareak mugatuko du gure
biziraupena. Esaldi potolo horrek lelo itxura hartu duela esan daiteke, baina oso
kontuan izan beharko luke arlo publikoaren kudeaketan lan egiten duen orok.
Euskal Herriko natur ondarearen ezagutzan asko aurreratu dugu, kontrakoa esatea
lelokeria litzateke. Baina, oraindik ez dugu ondo ezagutzen, eta etengabe ari gara
hondatzen. Zer hondatzen ari garen jakin gabe, eta hondamendi horrek gugan nola
eragingo duen ezagutu gabe darraigu gure baliabide naturalak kaltetzen. Bestelako
idatzietan salatu den bezala, gure basoetako asko suntsituak daude, ez dugu gure
ibaiak berreskuratzerik lortu eta gure nekazal lur onenak estaltzen ari gara azken
hamarkadetan.
Baina, jarduera politikoan honek guztiak ez du lehentasunik. Inoiz, bere indarraren
erakustaldiren batek eragindako asaldurak baino ez du jartzen natura agenda
politikoaren lehentasunen artean, eta kasu horietan ere, kontserbazioaren alde
egiteko baino ingeniari eta arkitektoen planak gauzatzeko.
Mundu globalizatu honetan, erabaki politiko eta ekonomiko guztien ardatza behar
lukeena, hau da, natur ondarearen kontserbazioa edota ustiaketa sostengarria,
diskurtso formal egoki bezain hutsala da. Gure garapen ekonomikoan ez da
biodibertsiatearen balioa aintzat hartzen, eta hura kaltetzearen ordaina ez da
formulazio gisa ere ageri. Horrek guztiak mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa
ahalbidetzen duen diskurtsoa garatzera eraman du klase politiko osoa, eta
gizarteak ere hori barneratu du azkenean. Itsu gabiltza, gizateriaren etorkizuna
arriskuan jartzeraino, eta munduaren alde xahutzaile eta kutsatzaile handienaren
parte garenoi, honen jabe egin eta bestelako politikak urratzea dagokigu. Noski,
gure etxetik hasita.
Honen guztiaren ildotik, bi eskakizun nagusi egiten dizkiogu Foru Aldundiari:
- Ingurumenaren zaintzaren aldeko diskurtsoa ez dezala erabili “Zuhaitz
eguna”, “Ibilgailurik gabeko eguna”, Agenda 21 bezalako proiektu etereoa
eta antzeko ekimen solteak bultzatzeko bakarrik. Honek oso gai serioa
beharko luke izan, ikuspegi globaletik alor publikoaren kudeaketan gauzatze
koherentea duen funtsezko lan ildoa. Administrazio guztiek sekulako
baliabideak dituzte beraien mezuak hedabideetan zabaltzeko, eta
ingurumenaren zaintzaren eta natur ondarearen kontserbazioaren aldeko
sentsibilizazio-lanerako paregabeko aukera da hori. Beti ere, propaganda
soiletik haratago, jarrera-aldaketetara bideratutako lana egin nahi bada.
- Natur ondarearen ikerketarako eta zaintzarako baliabide gehiago jartzea.
Lehen aspektuari erantzuteko Euskal Herriko Unibertsitate publikoetako
(EHU-UPV, UEU, NUP-UPNA) ikerlari taldeen, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta
AZTI-Tecnalia Itsas eta Elikagaien Zentru Teknologikoko ikerlari-taldeen eta
han eta hemen barreiatuta dauden natur eta kontserbazio taldeen lanaz
balia daiteke. Horien guztien arteko elkarlana bultzatuz, orain arte egindako
lana ordenatu eta zentralizatu, eta etorkizunera begira ikerketa-lerro finkoak
(denboran jarraiak) ezartzea mugarri garrantzitsua izan daiteke
etorkizunera begira.
3
Bigarren aspektuari erantzuteko, funtzionarioen pertsonalean ez ezik,
boluntarioetan ere pentsatu beharko litzateke. Badira boluntarioek laguntza
handia eskain dezaketen hainbat egoera larri, esaterako, elurteetan
ehiztariek sortzen dituztenak, hainbat lekutako kutsadurak eragiten
dituenak, han eta hemen basa bizitzak jasaten dituen kalteak….. Lan hori
guztia zentzuz eta modu egokian koordinatuko balitz, pentsatzekoa da
herritar askok hartuko luketela parte, besteak beste, ingurumen-hezkuntza
aspalditik lantzen den alorra baita eskoletan. Baina, ekimen horiekiko
atxikipena eragiteko, administrazioek eredugarri izan behar dute, eta egoera
horretatik oso urrun gaude egun. Badago nondik hasi.
2. ADMINISTRAZIO EZBERDINEN ARTEKO KOHERENTZIA
Gure herriaren antolaketa administratibo konplexuak, eta horrek eragindako
eskumen-gatazkak, sarritan egoera kafkianoetara eraman gaitu. Asko eta asko dira
barrearen eta negarraren mugan egotera eraman gaituzten gertaerak, baina horiek
zerrendatzea baino, horrek guztiak gizartean izan duen eragina aipatzea
interesgarriagoa suerta daiteke.
Oso adibide sinple batetik hastearren, egun natur kontserbazioarekin
sentsibilizatutako herritar batek edozein arrantzale edo ehiztari legez kanpoko
jardunean ikusiko balu, ez luke jakingo nora jo. Udaltzaingora? Ertzaintzara?
Guardia Civil-arengana? Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzura? Epaitegira?
Batzuek zein besteek eskuak garbituko lituzketela pentsatu eta beste alde batera
begiratuko luke. Adibide honek tontokeria hutsa dirudi, baina bere esanahia oso
sakona da. Ehizaren kasuan esaterako, pertsona armatuak ikusten ditugu gure
mendietan (babestutako eremuetan barne), eta urteetan egindako lege hausteen
ondorioz, zigorgabetasun osoz aritzen direnaren sentsazioa daukagu. Ehiztarien
lobbyetaz hitz egiten da gure herrian, haien botere ilunaren adierazgarri.
Arrantzarena antzeko egoera da, baina eskumenen saltsak are larriagoa bihurtzen
duen arazoa. Kirol arrantza ez ezik, kasu honetan arrantza profesionalaren abusuak
daude auzitan. Bata zein bestea, animalien hilketa helburu duten jarduerak dira.
Landa Lurraren Antolaketaren inguruan antzeko zerbait gertatzen da. Alde batetik
legedi europarra daukagu, legedi espainiarrak bideratzen duena, hau Eusko
Jaurlaritzak garatzen du, eta ondoren Foru Aldundiak gauzatu. Denak oso
zentzuzkoa dirudi, partidu politikoen interes ezberdinek eragindako saltsagatik ez
balitz. Administrazio bakoitza bere aldetik dabil, agintean dagoen partiduaren
nahiera, eta emaitzak begi-bistakoak dira: herritarrek ez dituzte administrazio
ezberdinen konpetentziak ezagutzen, eta esaterako, EAE-ko herritarren gehiengoak
ez daki zer den Natura 2000 Sarea.
Adibide bezala jartzearren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrira sartu, eta Dibertsitate Biologikoa eta
geologikoa aplikazioan sartzen bagara, inolako momentutan ez dugu Foru
Aldundien erreferentziarik aurkituko, ezta Gipuzkoako babestutako eremuen
atalean ere. Martxan jartzen diren kanpaina eta ekimen ezberdinekin ere berdina
gertatzen da. Duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak Natura 2000 Sarea
4
jendarteratzeko erakusketa ibili du herriz herri. Aurten Gipuzkoak Foru Aldundia
“Mendiz-mendi, mendez-mende” ekimena erakusten ari da herriz herri. Lotura
zuzena beharko luketen ekimenak, izugarrizko baliabideekin eta dirutza gastatuta,
inolako loturarik gabe elkarren artean.
Gainera, administrazio horien arteko koordinazio faltak arauak betetzea zailtzen du,
ehizaren kontrola edo arrantzaren ikuskaritza-lana bezalakoak zailduz.
Hau guztia kontuan izanda, ondokoa eskatzea zilegi zaigu:
- Administrazio bakoitzak ingurumenaren zaintzarekiko eta natur ondarearen
kontserbazioarekiko dituen eskumenak argi adieraztea herritarrei.
Horretarako hainbat baliabide erabil daitezke: hezkuntza-sistema
ingurumen-hezkuntzaren bidetik, Udalek eskaintzen dituzten herritarren
harretarako zerbitzuak, Foru Aldundiak kudeatzen dituen Naturaren
Interpretazio Zentroak, Foru Aldundiak hedabideetan zabaltzeko diseinatu
ditzakeen informazio-kanpainak etab.
Gai hauekiko erreferentziazko guneak sortu behar dira, herritarren
zalantzak, kexuak eta nahiak bideratuko dituzten arreta-zerbitzu
eraginkorrak. Salaketetarako jarraitu beharreko prozedurak errazteaz ere
arduratu beharko luke zerbitzu horrek (Kontsumitzaileen Arretarako
Bulegoen antzeko zerbait…).
- Ingurumenaren zaintzarekin eta natur ondarearen ezagutza edota
kontserbazioarekin zerikusia duten planak elkarrekiko koherentzia
mantentzea administrazio ezberdinetatik bideratzen direnean. Baliabideak
aurrezteaz gain, administrazio ezberdinen konpetentziak barneratzen eta
horien arteko elkarlana sustatzen lagundu beharko lukete plan horiek.
- Administrazio baten barnean ematen diren departamentu edo sailen arteko
talkarekin bukatzea.
3. NATUR BALIABIDEEN KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE ARGIAK IZATEA
Bizitzaren oinarrizko elementuak, airea, ura, lurzorua eta biodibertsitatea,
errespetatzea eta zaintzea, eskakizun etiko eta moralaz gain behar existentziala da.
Horien arrazoizko ustiaketa sostengarritik baino ez dugu lortuko etorkizun
zoriontsua. Horretarako, ezinbestekoa da ustiapen sostengarria egiteaz gain, horien
kontsumotik sortutako kutsadura eta hondakinak kontrolatzea, eta halaber,
eragindako kalteak gutxitu eta ahal den neurrian konpontzeko neurriak ezartzea.
Mezu honek argia izan behar du administrazioek onartu eta araututako jarduera
guztietarako. Jarduera horiek ekarritako onurei beti lotu beharko litzaizkieke
eragindako kalteak, eta horiekiko konpentsazio-neurriak eskatu. Ezin dugu jarraitu
gutxi batzuentzako aberastasunak eragindako ingurumen-kalteak guztion artean
ordaintzen konpentsazio-neurriak aurretik ez ezartzeagatik.
5
Lurzoruaren galerari eta natur guneen zaintzari dagokionean, Foru Aldundiak,
gainerako administrazioek bezala, irizpide zorrotzak izan beharko lituzke. Azken
urteotan izugarri emendatu da han eta hemen lurzoruaren okupazioa. Zenbaitetan
ezinbestekoa izango zen, baina sarritan zarrastelkeri hutsez jokatu dela dirudi.
Ikusi besterik ez dago landa lurren birkalifikazioaren ondorioz egindako zenbat eta
zenbat etxebizitza dagoen hutsik han eta hemen, edo zenbat eta zenbat azpiegitura
egin diren erabilera zalantzazkoa izanda ere. Edo nola kudeatu diren jabego
publikoko lursailak nekazal industriaren mesedetan (baso landaketen eta nekazal
ustiapen industrialen bidez).
Honen guztiaren aurrean, eskakizun argi hauek egiten ditugu:
- Babestutako eremuetan bioaniztasunaren kontserbazioa lehenestea. Eremu
horien bokazio nagusia erretserba-eremuena izan beharko luke, ahalik eta
interbentzio gutxienak eginaz. Euren dinamika naturalak errespetatu eta
funtzionamendu naturalera eraman beharko lirateke, mehatxupean dauden
espezie edo habitatak indartzeko interbentzioak baino ez lirateke hobetsi
behar.
- Honek, eremu horietako jabego pribatuko lurjabeei nolabaiteko
konpentsazioak eskaintzea suposatuko luke kasu askotan. Eremu horiekiko
lehentasunak finkatu beharko lirateke.
- Ehiza eta arrantza erabat galaraztea babestutako eremuetan.
- Animalia zein landare exotikoen –aloktonoen- sarrera debekatzea
babestguneetan.
- Basa bizitzaren merkaturatzea (perretxikoak, landareak, kirol arrantzatik
eskuratutako arrainak…) erabat galaraztea.
- Edozein jarduera baimentzerakoan, natur baliabideengan eragiten dituen
kalteak ondo identifikatu eta behar bezala zenbatzea, eragindako kalteen
behar bezalako konpentsazio-neurriak eskatzeko.
- Jabego publikokoak diren lursailak habitat eta espezieen kontserbazio
egoera babesteko edo berreskuratzeko erabiltzea eta, hauetan zein esku
pribatuetan dauden lursailetan ere, modu honetako ekimenak bultzatu eta
suspertzea.
- Landa lurrak birkalifikatzeko, edota landa lurretan jarduera burutzeko
baimenik ez ematea, arrazoizko erabilerarik ematen ez zaien okupatutako
lurrak dituzten herriei (etxebizitza hutsekin, baztertutako eta jarduerarik
gabe dauden industria-guneekin, urbanizatu ondoren erabilerarik ematen ez
zaien eremuekin etab.). Irizpide hau ez litzateke nekazal jardueretarako
aplikatuko.
- Udalerrietan eremu berrien sorkuntza sustatzea eta ahaleginak egitea
inguruko herrietan dituztenekin koordinatzeko.
- Halaber, lurjabe pribatuei naturaren babeserako konpromisoak hartzen eta
eremu horiek bioaniztasunaren kontserbaziorako erabiltzearen aldeko
jarrerak sustatzeko lan egitea (horretarako Foru Aldundiak berak eredu
beharko lukeela izan kontuan hartuz).
6
- Biodibertsitatea babestearen aurkako edozein basogintza eta nekazaritza
jarduerei eta moldeei diru-laguntzak kentzea eta fiskalki grabatzea. Egun
dauden honelako jarduerak eraldatzen laguntzea teknikoki, diruz eta fiskalki.
Eta alderantziz, biodibertsitatearekin osagarriak diren edota babesten duten
basogintza eta nekazaritza jarduerak diruz eta fiskalki laguntzea.
- Jarduera pribatua mugatuko duen eta lurra zein biodibertsitatea babestuko
duen planeamendua gauzatzea eskualdeka edo udalerrika, udal bakoitzaren
arau subsidiarioetan edo hirigintza plangintza orokorrean txertatzea. Honela,
lur galera, erreken ekosistemaren osasuna, ziklo hidrikoaren kontrola, eta
abar babestuko lirateke ingeniaritza lan garesti eta alperrikakoak erabili
gabe.
Zerrenda honen azken puntuak Foru Aldundiak egun ez duen dirutza eskatuko luke.
Garaia da horrelako ekimenetarako dirua iturri pribatuetatik eskuratzeko.
Esaterako, jarduera-baimenetatik, naturan eragindako kalteen ondoriozko
konpentsazio neurrietatik etab. Gurea bezain herri industrializatuak aspaldidanik
jorratuak behar zituen bide hauek.
4. LURRALDEAREN KOHESIOA
Esapide hori entzun hutsarekin garraiobideak eta hiri-herrixken antolaketa etortzen
zaigu burura. Gizakiaren onurarako egindako azpiegiturak, noski, antropozentrismo
itsuenaren ondorio. Baina, eta basa bizitza? Noizko basa-bizitzaren kontserbazioa
ahalbidetuko duten habitat-en antolaketa eta horien arteko kohesioa bermatuko
duten planak? Eremu naturalak gero eta isolatuagoak dauzkagu, eta ondorioz, baita
horietan bizi den basabizitza ere. Azken urteotan egindako azpiegitura handiek
kinka larrian jarri dute espezie askoren biziraupena beraien habitaten zatiketaren
eraginez.
Bestalde, babestutako natur eremuen artean ere ez dago lotura argirik. Hauek ere
irla bihurtzen ari dira, eta bertako habitaten azalera agian ez da nahikoa izango
hainbat espezieren biziraupena bermatzeko.
Honen aurrean, jarraitu beharreko irizpideak hauek izan beharko lukete:
- Babestutako eremuetan arteko loturak bilatzea, batzuetatik bestera iristeko
korridore naturalak osatuz.
- Hirigunea eta landa-guneen artean azpiegitura berdeak sortu eta osatzea.
- Basa-bizitzaren mugikortasun-sare garbia izatea. Gipuzkoa barruan
mugitzeko garraiabide sarea osatu den bezala, basabizitzaren mugikortasun-
ahalmena mailarik gorenera eramango duen korridore-sarea behar dugu.
Errepide-sarea bezala, oso argi izan behar genuke guztiok Gipuzkoako
korridore ekologikoen sarea, beti ere babestutako eremuen artean faunaren
mugikortasuna eta paisai naturalaren kohesioa bermatzen duen sarea bezala
ulertuta.
7
- Itsasertzean eta itsas barrenean babestutako eremuen sorrera sustatzea
Itsasoko Natura 2000 Sarea osatzeko. Euskal Herriko naturaren
Kontserbaziorako politiketan ez da itsasoa kontuan hartu gaurdaino, badirudi
ez dugula kontuan hartu nahi. Baina, itsasoko bioaniztasuna lehorrekoa
bezain mehatxatua dago, eta eremu zabal horrekiko ere hasi beharko
genuke sentsibilizatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure kostaldeko eta
itsasoko bioaniztasuna kontserbatzeko plangintza garatu beharko luke, eta
hasteko, hor dago Jaizkibel-Ulia Itsas Erreserbaren izendapen eskaera.
Honek guztiak esfortzu handia eskatzen du, baina plangintza mailako esfortzua,
administrazioari dagokion lana.
5. BASABIZITZAREN BABESERAKO LEGEDIAREN GAUZATZEA
Europar Batasuna duela urte asko hasi zen basabizitzaren babeserako legedia
garatzen. Horren harira, eta estatuko legediarekin bat, EAEn ere duela hainbat urte
onartu ziren helburu bera duten legeak (ekainaren 30eko 16/1994 legea kasu).
Bide beretik, Eusko Jaurlaritzak hainbat plangintza onartu ditu, 2009an onartutako
Euskadiko Biodibertsitatearen Estrategiari (2009-2014). Baina, horiek guztiek ez
dute bioaniztasunaren eta habitat naturalen galera saihestu. Horren adibide dira
gero eta luzeagoak egiten ari diren arriskuan dauden landare edo animalien
zerrendak.
Hauek dira Europar Batasunak biodibertsitatearen galera erabat gelditzeko asmoz
2020. urterako Biodibertsitatearen Europar Estrategian xedatu dituen helburu
nagusiak:
- Hegaztien eta Habitaten Arteztarauak bere osotasunean aplikatzea.
- Ekosistemak eta beraien zerbitzuak zaindu eta berreskuratzea.
- Nekazaritzak eta basogintzak biodibertsitatea zaintzeko eta hobetzeko
eskaintzen duten laguntza areagotzea.
- Arrantzarako baliabideen ustiapena iraunkortzea.
- Espezie exotiko inbaditzaileen aurka borrokatzea.
- Mundu guztian biodibertsitatearen galera eragozteko asmoz, EBak duen
lankidetza emendatzea.
Horrela zerrendatuta asmo ederrak baino ez dira. Asmoak helburu bihurtzeko
plangintza zehatzak behar dira, eta Europar Batasunak egin duen bezala, epe ertain
eta luzerakoak. Sei helburu horietarako, gutxienez 2020. urte bitartean plangintza
zehatzak egiteko garai aproposean gaude. Badirudi Foru Aldundian momentu
honetan ez dagoela dirurik ezertarako. Beraz, momentu egokia dirudi dirua
dagoenerako plangintza zehatzak prestatzeko.
Foru Aldundiari eskatzen diogu Biodibertsitatearen Europar Estrategian finkatutako
lerro nagusi horiek Gipuzkoako Lurraldean gauzatzeko plangintza zehatzak, eta
denboran mugatuak egitea. Hau guztia ere plangintza mailako jarduera litzateke,
beraz Foru Aldunditik garatu daitekeena.
8
Plan horiek gauzatzeko beharrezko diruarekiko gizartea kontzientziatu beharko
litzateke, dirurik ez egoteak justifikatzen baitu beti kontserbazioaren alde ezer ere
ezin egin izatea. Baina, lan horrek zentzua izateko administrazioak bere ahalegina
argi erakutsi behar du, baita plan horiek gauzatzeko borondate argia hain zuzen.
6. ITSASOAREN USTIAPEN JASANGARRIA BERMATUKO DUEN ARRANTZA-
POLITIKA
Gaur egungo arrantza politikak egoera larrira eramaten ari dira espezie komertzial
gehienak, eta hori gutxi balitz, horien arrantza gainerako espezieengan, eta oro
har, itsas ekosistema guztietan itzulezina izan daitekeen kaltea eragiten ari da.
Arrantza-politika errotik aldatu behar delakoan gaude, bai arrantza profesionalari
begira eta baita kirol arrantzari begira ere.
Ondarroa 12 milia bezalako ekimena (http://www.wix.com/salva0/ondarroa12milla)
egoera hori aldatzeko proposamen berria da. Ekimen hau jendarteratu eta alor
honetan bizi dugun egoera larriaz kontzientziatzea urgentziazko zeregina da, nahiz
eta alor hau Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa izan. Administrazioen arteko
dialogoa ezinbestekoa da honetarako ere.
Ziur, Ondarroa 12 milia ekimeneko partaideak prest agertuko liratekeela bide
honetan laguntzeko.
Hauxe eskaera:
- Aldundiak Ondarroa 12 milia ekimenarekin edo honen helburuekin bat egin
eta beste administrazioak berdin jokatzera bultzatzea edo/eta sustatzea.
7. PAISAIAREN KUDEAKETA JASANGARRIA
Egun dugun paisaia nekazari eta abeltzainen jarduerari zor diogu hein handi
batean. Historian zehar erabat aldatuz joan den paisaia da gurea, erabat naturala
eta primigeneoa izatetik guztiz eraldatua izateraino. Baina euskaldun gehienok
badugu nahiko erraz identifikatzen dugun paisaia-mota bukolikoa buruan, eta bere
horretan bioaniztasunaren kontserbaziorako irudirik ederrenak dira horiek:
mendian, baso naturalek, sastrakadiek, belardiek, soroek eta baserriek osatutako
mosaiko itxurako paisajea. Kostaldean itsasontzi txikiez, sare-josleez eta arrain-
kaxak lekualdatzen dituzten arrantzaleez jositako portuak osatutakoa.
Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza-jarduera estentsiboek eragindako paisaiak
dira horiek. Lehen sektorea industrializatu aurretikoak. Eredu hauen bidetik
bakarrik uztartu ahalko ditugu nekazaritza/abeltzainta eta arrantza
bioaniztasunaren kontserbazioarekin. Azken urteotan administrazioak berak diru
laguntzen bidez bultzatu dituen zuhaitz-landaketak, abere-granja handiak,
negutegi-soro erraldoiak eta arrantzontzi teknologizatuak izugarrizko kalteak
eragiten ari dira paisajean ez ezik, bioaniztasunean.
9
Bide horretan, lurrari lotutako nekazaritza politika sustatu eta indartu behar du
Aldundiak, hainbat zenbait erakundetatik eskatzen ari diren bezala, paisaiaren eta
bioaniztasunaren mantentze naiz berreskurapenaren oinarrietako bat izanik.
Honek hausnarketa sakona merezi du, jakinik oso zabala litzatekeen eztabaida
irekiko duela, baina natur kontserbazioari begira gutxieneko neurriak hartu
beharko lirateke:
- Natura ingurunearekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak bultzatzea,
nekazaritza sozial/familiartekoa, balio natural handiko nekazal sistemak,
kudeaketa modu iraunkorrak, bide laburreko merkaturatzeak eta europar
mailan Natura babesteko dagoen legedia betetzea indartuko dutenak, batez
ere, Hegazti eta Habitaten Arteztarauak eta Uraren Orotariko Arteztaraua.
- Eguneko arrantzaren aldeko apustua egitea, Ondarroa 12 milia ekimenean
definitzen den kudeaketa-modua sustatuz. Arrantzaren merkaturatzean,
guztiona den baliabide baten ustiapenak eragindako kalteak, industria
honetako interesen aurretik lehenetsi beharko lirateke, eta horren araberako
merkaturatze-sistema arautu. Ezin dugu kinka larrira eramandako espezieak
inolako balio erantsirik gabe saltzen jarraitu, antxoaren kasuan bezala.
Hau guztia sektore horietarako diseinatu diren politikekin kontrajarrita dago erabat.
Baina, mugimendu ekologistaren parte diren eragileen laguntza paregabea suerta
daiteke bide honetan, eta gizartean lurrari eta ziklo naturalei lotutako elikagaien
eskaera indartzen ari da. Gure aldeko haizeak datozela dirudi….
8. INGURUMEN HEZIKETA
Eskolan aspaldidanik lantzen ari den arloa da hau. Ekimen solteen bidez hasieran,
eta Eusko Jaurlaritzako CEIDA bezalako baliabideekin eta Eskolako Agenda 21a
bezalako programen laguntzaz egun, lan garrantzitsua egiten ari dira administrazio
ezberdinak alor honetan.
Haurrak, eta oro har gizartea hezi ezean zaila izango da gure mezuak behar bezala
irisaraztea. Ez dugu ahaztu behar gure bizimodua dela egungo bioaniztasunaren
galeraren eragile nagusia, eta horren kontzientzia hartzetik eta jarreren
aldaketetatik baino ez da gauzatuko proposatzen dugun aldaketa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat bidetatik lagun dezake zeregin honetan:
- Babestutako eremuetan dituen ekipamenduetatik eskaintza erakargarri,
zabalago eta koordinatuagoak eskainiz.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak naturgune babestuetan dituen heziketa
ekipamenduak erabiliz biodibertsitatearen eta lurraldearen zaintzan
herritarrak hezteko zeinak bolondres lan ikaragarria osa dezaketen.
- Ikasleei zein herritarrei zabaldutako kanpainak bultzatuz (beti ere
administrazio ezberdinekin elkarlanean).
- Natur intereseko guneetan turismo masiboa saihestu eta
kontserbazioarekiko errespetuzkoak diren jarrerak sustatuz.
10
Bide honetan egindako lanak badira. Horiek aprobetxatu eta ekimen berrietarako
dirua eskuratu beharko luke Foru Aldundiak. Kontzientziazio lan honek hainbat
praktika txar eta zaintza arazo ekidingo dituela kontuan hartuz, diruz hornitzeko
inbertsio moduan aurreikusi behar dira, urtero modu iraunkorrean mantenduz.
Krisitik ateratzen garenerako….
Egungo krisialdian lehentasuna ez bada ere, praktika txarrak fiskalki grabatuko
balira diru-iturri egokia litzateke heziketan inbertitzeko.
9. PARTEHARTZE DEMOKRATIKOA
Sarreran aipatu bezala, kultura demokratiko baten beharra daukagu. Natur
taldeotako eta mugimendu ekologistetako kideok hamaika gatazketan murgilduta
ikusi dugu gure burua behin eta berriro. Horregatik gutxietsiak ere izan gara
sarritan, eta botereak mugimendu ekologista diskurtso tremendista eta
hondatzaileekin erlazionatzeko joera izan du beti.
Honen guztiaren arrazoietako bat kultura demokratikoaren gabezia da. Mugimendu
ekologistak boterearen kontra egin behar izan du bere lana beti. Baldintzarik
txarrenetan eta baliabiderik gabe jardun gara. Parte-hartze mahaietara deituak izan
garenean aurrez egindako proiektuen iritzi-emaile baino ez gaituzte nahi izan,
gehienetan erabakiak hartzeko inolako botererik gabe, eta plangintzak edo
egitasmoak aldatzeko aukerarik ez zegoenean.
Horren adibide dira, esaterako, Arkamurka Natur Elkarteak Pagoetako Parke
Naturalaren kudeaketaren edo parke natural horretako Patronatuaren
funtzionamenduaren harira Foru Aldundian bertan jarritako helegiteak edo
Europaraino bidalitako salaketak.
Bete adibide bat Ehizeko eta Arrantzako Lurralde Konseiluak dira, egun ez baitute
Gipuzkoako gizartea ordezkatzen (beti interes jakin batzuen alde jardun dira).
Honek guztiak errotik aldatu behar du. Babestutako eremuetan, eta eremu
horietatik kanpo, gure ikuspegia helarazteko txokoa behar dugu gizartean, eta hori
bideratzeko modua administrazioan. Ez inork baino arreta handiagoa eskaintzea
merezi dugulako, baizik eta gure bokazioa eta langintza guztiona den, eta guztion
etorkizuna baldintzatuko duen zereginera bideratzen dugulako: natur balioen
kontserbaziora. Beraz, izan duguna baino begirune handiagoa eskatzea zilegi zaigu.
Horren inguruan, eskakizun zuzenak:
- Naturaren aldeko Herri Elkarte bat eraikitzea, bere babesa eta
hobekuntzarako, instituzio ezberdinek eta herri elkarteek egin ditzaketen
ekimenak gizarteratzeko. Herri Elkarte honetan Gipuzkoako biztanleria
benetan ordezkatua egotea bermatu beharko litzateke, natur taldeak,
ekologistak... kontuan hartuaz, eta lurralde mailako oreka ere mantenduz
(osaketan eskualde ezberdinak ordezkatuta egonaz). Bertan, orain arte
aipatutako kontuez gain, arrantza eta ehiza ere jorratuko lirateke.
11
- Natur gune babestuak kudeatzeko dauden Patronatuetan bertako eragile
sozial guztiekin, tartean natur taldeak, gogotsu kolaboratzea eta, ez
dituztenen kasuetan, eite bereko parte-hartzeko egituren sorrera bultzatzea,
beraien kudeaketarako planetan ebazten diren ekimenak gauzatzearren.
- Naturaren aldeko ekintza-talde berrien sorrera bultzatzea, bai herri mailan
nahiz eskualdean.
- Parte-hartze saioetara behin-betiko plangintzak eraman aurretik deitzea, eta
parte hartze efektiboa diagnostiko fasetik izatea, ez emaitzaren eztabaidan
txertatzea.
Eskutiz hau sinatzen duten 13 natur talde edota talde ekologistak:
Arkamurka Natur Elkartea (Zarautz)
Zumaiako Natur Taldea
Katamarrue Natur Taldea (Zestoa)
ERKAXO Natur Taldea (Azpeitia)
Deba-Mutriku Natur Taldea
Herrio Natur Taldea (Orio)
Haritzalde Natur Elkartea (Donostia)
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Eguzki Talde Ekologista
Ekologistak Martxan
Ondarroa 12 milia ekimena
Top Related